KIDEITU

euskadi.eusen sartu

Hasiera

 
Emakumeen egoera lan-munduan


Emakumeek nola egiten diete aurre enpleguaren arloko aldaketei?

Duela zenbait hamarkadatatik hona, emakumeak eremu publikoan sartzea bihurtu da gure gizarteetako aldaketarik garrantzitsuenetako bat.

Gertaera hori funtsezkoa izan da zenbait arlotan; enpleguaren arloan, esate baterako. Emakumeek hor egoteko ahalegin handia egin dute, eta ahalegin handia egiten ari dira oraindik ere.

Dena den, emakumeek gizonen baldintza berberetan laneratzeko oztopoak aurkitzen dituzte oraindik ere.Lanaren sexu-banaketa tradizionalak gizonen eta emakumeen arteko bereizketa sendoa ezartzen du: merkatuko lana gizonei ematen zaie; familia eta etxea zaintzeko ardura, berriz, emakumeei. Eredu horrekin lotuta daude gizonen eta emakumeen artean lan- eta enplegu-arloko desberdintasun handia dakarten eskubideak, balioak, gizarte-estereotipoak eta oztopoak.

Emakumea, aurrera begira


Lan-merkatuan egoteko emakumeek egiten duten ahalegina

Gaur egun, emakumeak dira Euskadiko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikasleen %48,8. Unibertsitate-ikasketak egiten dituztenen %54,3 emakumeak dira, eta, egun, ez dago unibertsitate-karrerarik ikasleen %71 tik gora mutilak dituenik. Hori guztia mutilen prestakuntza-maila bera lortzeko ahaleginaren emaitza da.

Gainera, emakumeak biztanleria aktiboaren %42,24 dira jada.

Bestalde, emakumeek 1,52 haur izaten dituzte batez beste, 2002ko demografia-inkestaren arabera. Euskadiko gizon eta emakume gehienek esan bezala, ideala bi haur edukitzea izango litzateke, baina ekonomia da nahi bezainbeste haur ez izateko arrazoi nagusia -“diru asko kostatzen da haurrak haztea”-; bigarren postuan, ordea, lana dago -lan eginez gero, ezin diezu arretarik jarri- (galdetutako emakumeen %34).

Emakumeek lehen baino hezkuntza-maila altuagoa dute, lehen baino presentzia handiagoa ere bai lan-merkatuan, haur gutxiago izaten dituzte eta seme-alabak izateko adina atzeratu egin da. Nolanahi ere, horrek ez du bermatzen gizonek eta emakumeek lan-baldintza berberak izatea. Aitzitik, egungo lan-testuinguruan, emakumeek oztopoak dituzte kalitatezko lana aurkitzeko eta lanari eusteko.


Euskadiko emakumeen lana eta langabezia

Esan bezala, Euskadin gero eta emakume gehiago laneratzen dira. 2004an, %45,5ekoa zen jarduera-tasa, baina tasa hori oraindik urrun dago gizonen jarduera-tasatik (%65,8).

Lan-merkatuan gero eta emakume gehiago sartzea, ordea, haientzat kaltegarriak diren enplegu- eta langabezia-tasak eragiten ari da.

2004an, gizonen langabezia-tasa %6,5ekoa zen; emakumeena, berriz, %9,6koa. Ildo horretatik egindako azterketetan, argi gelditzen ari da emakumea dela langabeziaren protagonista. Euskadiko langabeen %51,78 emakumeak dira.

Emakumeen enpleguaren kalitatea

Emakumeen enpleguaren ezaugarriei dagokienez, egia da gero eta hobeto kokatuta daudela, baina baita lan-baldintzetan nolabaiteko desberdintasuna dagoela ere.

Euskadin, emakume landunen %32k aldi baterako kontratua du. Kopuru hori txikiagoa da gizonen artean, gizon landunen %25,5ek baitu aldi baterako kontratua.

Bestalde, emakumeei gizonei baino lanaldi partzialeko kontratu gehiago egiten zaizkie. Euskadin, gizonen %3,6 kontratatu dira modalitate horretan; kopuru hori, ordea, handiagoa da emakumeen artean, emakumeen %23,6 kontratatu baita horrela. Horrek kalte argia egiten die emakumeen enpleguaren sustapenari, prestakuntzari, kalifikazioari, diru-sarrerei eta lan-bizitzan zehar pilatutako eskubide-kopuruari.

Horrez gain, emakumeek gizonek baino soldata txikiagoa jasotzen dute. Zerbitzuen sektoreko zenbait kategoria profesionaletan, %44,5 gutxiago ordaintzen zaie.

Emakumeen aukera profesionalak

Enpleguaren arloko desberdintasuna erakusten duten beste alderdietako bat genero-arrazoiengatik lan-merkatuan egiten den bereizketa da.

Bereizketa horizontala. Datuek argi erakusten dute emakumeen kontzentrazio handia dagoela zenbait sektoretan. Zehazki, EAEko emakumeen %87 zerbitzuen sektorean ari da lanean. Kopuru hori txikiagoa da gizonen artean, gizonen %49,7k egiten baitu lan sektore horretan.

Bereizketa bertikala. Oraindik ere, emakumeak daude kategoriarik baxuenetan, bai enpresa publikoetan, bai enpresa pribatuetan. Horren adibide da emakumeek Euskadiko zuzendaritza-taldeetan oraindik duten presentzia eskasa. Emakumeak %36 inguru dira enpresa-zuzendaritzan eta administrazio publikoan.

Ondorioz…

Emakumeek prestatzea erabaki dute, hor egotea, haur-kopurua murriztea... Dena den, Euskadiko langabeen %52 dira oraindik ere; zenbait kategoria profesionaletan, gizonei baino %44,5 gutxiago ordaintzen zaie; emakumeek jasaten dute lan-ezegonkortasunik handiena eta gizonek baino ardura eta ospe txikiagoko lanpostuak dauzkate.

Beraz, dualtasun handia dago aurrera egindakoaren eta atzera egindakoaren artean: emakumeak irmotasunez laneratu dira, baina, enpleguaren eta lanaren antolaketa-eredu horretan, genero-arrailek bere horretan diraute.

Gehiago jakiteko: Euskadiko gizon-emakumeen egoerari buruzko zifrak

Iturriak

Eustat. Irakaskuntza Estatistika, 2005
Eustat. PRA, 2005
Eustat. Jarduera, Okupazioa eta Langabezia, 2004
EIN. Biztanleria Aktiboaren Inkesta, 2005eko III. hiruhilekoa
EIN. Soldatei buruzko inkesta industrian eta zerbitzuetan, 2000
“Jaiotza-politika” izeneko Eusko Jaurlaritzaren txostena, 2000

Azken eguneratzea: 2006/05/10
Euskadi, auzolana