KIDEITU

euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
EQUAL proiektu bat


“KIDEITU, EAEko enplegu- eta prestakuntza-zerbitzuen kalitatearen bila” izeneko proiektua EQUAL ekimen komunitarioaren baitan dago, eta honako helburu hau dauka: lan-merkatuko diskriminazio-era guztiei aurre egitea.

Equal Logotipoa


Equal Ekimenak proiektu berritzaile batzuk finantzatu ditu, “esperientzia pilotu” gisa. Proiektu horiek gauzatu dituzten erakundeek irtenbide integralak eskaini dizkiete landu nahi ziren enplegu-arazoei (horiei “Garapen Taldeak” esan zaie). Gainera, erakunde horiei eskatu zaie lankidetzan aritzeko estatu kideetako beste erakunde batzuekin, Europan esperientziak trukatzeko.


Ekimen horren barnean, Kideitu proiektua honako gai-arlo honetan kokatu da: Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko desorekak gutxitzea, eta laneko segregazioa desagerrarazten laguntzea. Gai-arlo horretan, beste 182 proiektu onartu ziren Europa osorako.


EQUAL proiektuak Euskadin

KIDEITUz gain, Euskadin 10 proiektu onartu dira EQUAL ekimenaren gaikako arloetan:

Gaikako arloa: Laneratzeko gaitasuna

LANERAKO BIDEAK

Erakunde sustatzailea: LAN - EKINTZA - BILBAO, S.A.

Enplegua lortzeko zailtasunik handienak dituzten gizarte-taldeak lehen aldiz nahiz berriro laneratzeko formulak probatzeko proiektua.

LAMEGI: Enplegu-merkaturako sarbidea lortzea, gizarteratzea bermatzeko bide gisa

Erakunde sustatzailea: Berriztapen Elkartea

Laneratze-enpresentzat merkatu-baldintza egokiak eta eskuragarriak sortzeko modua aztertzea da proiektu honen helburu nagusia; izan ere, enpresa horiek bestelako enpresek ez duten lehiakortasunerako eragozpen bat gainditu behar dute, gizarteko balio erantsi bat lantzen dute-eta: baztertutako taldeak gizarteratzen egiten dute lan. Hauek dira proiektu honen esperimentazio-eremuak: enplegurako gizarte-merkatuak, gizarte-klausulak, gizarte-erantzukizuna eta pertsonen partaidetza eta antolatzeko gaitasuna.

HAZILAN: Baztertuak izateko arriskua duten taldeentzat lan-aukerak bilatzea

Erakunde sustatzailea:EHLABE - Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkartea

HAZILAN proiektuak helburu nagusi bat du: baztertuak izateko arriskua duten pertsonak laneratzea eta gizarteratzea bultzatzen duten erakundeen arteko lan-sarea sortzea, bazterketa-egoera larrian egonik lan-merkatuan sartzeko aukera eskatzen duten taldeei laguntzeko metodologia berritzaileak garatzeko.

ENPLEGUAREN BIDETIK - Pertsonen laneratzea hobetzeko ikuspegi berriak

Erakunde sustatzailea:Inguralde Garapen Agentzia

Enpresak berregituratzean sortzen diren langabezia-egoerei era proaktiboan aurrea hartzeko eta aurre egiteko metodo berriak garatzea proposatzen du.

Gaikako arloa: Enpresa-espiritua

ARIADNA: Gizartean baztertuta dauden taldeei kooperatiben munduan sartzen laguntzeko ekimen berritzailea

Erakunde sustatzailea:MIK-Mondragon Ikerketa Kudeaketan

ARIADNA proiektuaren bidez, enpresak -kasu honetan, kooperatibak- sortzeko prozesuak ireki nahi zaizkie gizartean baztertuta dauden pertsonei. Horretarako, beharrezko tresna guztiak emango zaizkie. Proiektu honen bidez, enpresak sortzeko aukera berriak identifikatuko eta ustiatuko dira, eta gizartean baztertuta dauden taldeentzat deslokalizatzen zailak diren kooperatibak sortzeko ekimen berritzaileak bultzatuko.

GERTU: Eguneroko bizitzako merkatua sortuz

Erakunde sustatzailea:Bidasoa Bizirik

Hau da proiektuaren gai nagusia: "Enpresak sortzeko prozesua herritar guztiengana zabaltzea; parte-hartzaileei beharrezko tresna guztiak emanez, hirian eta landan enpresak sortzeko eta finkatzeko eta leku horietan enplegua sortzeko aukera berriak identifikatzeko eta ustiatzeko". Proiektu honen bidez, eguneroko bizitzarako kalitatezko zerbitzu-merkatua bultzatu nahi dugu, denbora askoan langabezian egondako emakumeek sustatutako enpresak bultzatuz. Zenbaitetan, beste arazo batzuk ere izaten dituzte emakume horiek; esate baterako: erkidegoz kanpoko immigranteak dira, guraso bakarreko familiak osatzen dituzte edota tratu txarrak jasotzen dituzte.

Gaikako arloa: Moldagarritasuna

MIKROGUNEA "Mikroenpresentzako eremu bat"

Erakunde sustatzailea:Garapen elkartea

Proiektu honek mikroenpresen eta autonomoen lehiakortasuna handitu nahi du. Horretarako, hobetu egin nahi dira enpresa eta langile horien informaziorako irispidea, kudeaketa-prozesuak eta IKTekiko moldagarritasuna.

Gaikako arloa: familia-bizitza eta bizitza profesionala bateratzea

DONOSTIA AUZOLAN: Lan malgua, bateragarritasuna ahalbidetzeko

Erakunde sustatzailea:Donostiako Sustapena S.A.

Proiektu honen bidez, lana antolatzeko eredu malguak eta bateragarritasun-neurriak ezarri nahi dira Donostiako eta inguruetako ETEetan. Helburua argia da: emakumeak lan-merkatuan sartzea eta emakumeek familia-bizitza eta eremu profesionala uztartzeko aukera izatea.

DEND@: Berdintasunaren sustapena Arabako hiri-enpresetan

Erakunde sustatzailea:Caja Vital Kutxa Fundazioa

DEND@ proiektuak helburu bat du: hiriko emakume langileei -lanean ari direnei nahiz langabeei- kalte egiten dieten desberdintasun-faktoreak desagerraraztea. Horretarako, diziplina anitzeko sistema integratu bat sustatzen du, hiriko enpresak (zerbitzuekin lotutako ETEak eta mikro-ETEak, dendak, lantegiak...) modernizatzeko, egokitzeko eta berritzeko prozesuak aktibatzean emakumeek duten eginkizun dinamizatzailea indartzeko.

AURRERATU

Erakunde sustatzailea:BBK Gaztelanbidean Fundazioa

Hau da Aurreratu proiektuaren helburua: emakumeek eta gizonek lana aurkitzeko eta lanari eusteko aukera-berdintasuna izatea, eta, aldi berean, bizitza pribatua eta lana bateragarri egiteko aukera izatea. Birlaneratzea prozesu moduan lantzea da planteamendu nagusia; horretarako, hainbat ekintza bultzatuko dira, bai dagoeneko lan-merkatua utzi duten pertsonentzat (esku-hartzeko ekintzak), bai lan-merkatua utz dezaketen pertsonentzat (prebentzio-ekintzak). Horrekin, aurre egin nahi zaio egoera horrek jarduera-tasan eta langabezia-tasan duen eragin negatiboari.

EQUAL ekimenari buruz gehiago jakiteko

- EQUAL ekimena EBn: https://equal.cec.eu.int/equal/jsp/index.jsp?lang=es

- EQUAL ekimena, Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioa: http://www.mtas.es/uafse/equal/
Azken eguneratzea: 2008/02/28
Euskadi, auzolana