KIDEITU

euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Edukiak


KIDEITU proiektuak estrategia bikoitza jarri du martxan; alde batetik, Garapen Taldeko erakundeetan genero-ikuspegiaren zeharkakotasuna ezartzeko ereduak erabat garatzera zuzenduta (mainstreaming), eta, beste alde batetik, EAEko enplegu- eta prestakuntza-politiketan esku hartzen duten agente guztiei zuzenduta.

Arktza taldea

Proiektuak honako hauek barne hartu ditu: Garapen Taldeko erakundeek kudeatutako sistemen egoeraren diagnosia egitea generoaren alorrean, eta mainstreaming ereduak diseinatzea eta ezartzea, ebaluazioa barne.

Metodologia honako hauek landu ditu:

- (barrurantz) GEn parte hartzen duten erakundeetan mainstreaming-estrategiak ezartzeko;

- (kanporantz) erakundeek beraiek esperientzia pilotutzat aukeratutako enplegu- eta prestakuntza-programetan mainstreaming-estrategiak ezartzeko.

KIDEITU estrategia sei jarduera-ardatz hauetan egituratu da:

1. ardatza: Enplegu- eta prestakuntza-zerbitzuen ikuskapen pertsonalizatuak


Proiektuaren lehenengo jarduera-ardatza izan da proiektuan parte hartu duten erakundeen enplegu- eta prestakuntza-sistemetan genero-ikuspegia gehiago barneratzea.

Beraz, jarduera-ardatz hori gauzatzeko, proiektuan parte hartu duten erakundeetako enplegu- eta prestakuntza-sistemetan generoari buruzko auditoria pertsonalizatuak egin dira. Genero-ikuspegia zenbateraino zegoen barneratuta neurtu nahi izan zen bi ikuspegitatik.

Hori horrela izanik, proiektuan parte hartzen duten erakundeetako enplegu- eta prestakuntza-zerbitzuetan egindako genero-ikuskapen pertsonalizatuetan gauzatzen da jarduera-ardatz hau. Genero-ikuspegia zenbateraino barneratu den jakitea da kontua. Horretarako, bi hauek aztertu behar dira:

- erakundeen barne-antolaketa eta
- esperientzia pilotutzat aukeratutako programen proiektuaren ziklo osoa.

Ikuskapen-txosten batzuk dira ardatz honen emaitza (bat erakunde bakoitzeko).

2. ardatza: Mainstreaminga aplikatzeko eredu/protokolo pertsonalizatuen diseinua


Bigarren jarduera-ardatzaren bitartez, GTko erakundeetako programa eta antolakuntzetan genero-ikuspegia aplikatzeko eredu/protokolo praktikoak diseinatu dira, banakakoak eta 1. ardatzeko auditorietan zehaztutako egoera eta antolakuntza-egituretara egokituta.

Ezarpen-ereduak egiteko, dinamika parte-hartzaileak gauzatzeko lehen fase bat egin zen; dinamika horietan Lan Taldeak sortu ziren, GTko kide zen erakunde bakoitzeko bat. Lan Talde horien helburua neurri-agenda bat zehaztea izan zen, eztabaidagai zen alor bakoitzean genero-ikuspegia txertatu ahal izateko.

Jardueran oinarrituta, Lan Talde bakoitzeko Ondorio Txosten batzuk egin dira.

Txosten horietako informazioaz baliatuz, Emakundek eredu/protokolo pertsonalizatuak diseinatu ditu. Azkenik, erakunde guztiei aurkeztu zaizkie, eta horiekin adostu dira eredu/protokoloak.

3. ardatza: Mainstreaming-ereduen/-protokoloen ezarpena

Hirugarren ardatzaren helburua izan da aurreko ardatzean oinarrituta diseinatutako ereduak ezartzea.

Erakundeek era aktiboan hartu dute parte fase horretan, esperientzia konkretu baten bidez; alde batetik, barne-prozesuetan beren “berdintasun-agenda” ezarriz, eta, beste alde batetik, aukeratutako zerbitzu edo programan genero-ikuspegia txertatuz, zehazki:

- Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzaren esperientzia pilotua: LANBIDE - Euskal Enplegu Zerbitzua

- Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Sailaren esperientzia pilotua: Merkatarintzan programa - Garapenen esperientzia pilotua: Garapen-agentzien enpresak sortzeko programak

- Bilboko Elizbarrutiko Caritasen esperientzia pilotua: Baztertzeko arriskuan dauden pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko ekintzak (Gizarteratzeko programa eta Norabide programa)

Mainstreaming ereduak/protokoloak esperientzia horietan ezartzeko, honakoak hartu ziren oinarri:

- Prestakuntza-espezifikorako saioen bitartez, erakundeei ezarpen-ereduen/protokoloen berri ematea.
- Ezarpenerako lan-egitasmoa abian jartzea.
- Erakundeei espezializatutako aholkularitza aditua erabiltzeko aukera ematea.
- Egitasmoak ezartzeko tresnak, gidak, prestakuntza espezializatua eta laguntza-baliabideak diseinatzea eta garatzea.
- Transferentziarako produktuak egitea.


4. ardatza: Ezarritako ereduen/protokoloen ebaluazioa

Proiektuaren laugarren ardatzaren helburuak hauek izan dira:

a) Erakundeetan mainstreaminga ezartzeko ereduetan/protokoloetan genero-ikuspegia aintzat hartzen duen ebaluazio-sistema bat aplikatzea. Horrek hauek dakartza berekin:
- Ebaluazio-sistemaren definizio metodologikoa ematea.
- Erakundeak diseinatutako ebaluazio-sisteman heztea.
- Genero-ikuspegia aintzat hartzen duen ebaluazio-sistema aplikatzea.

b) GEko erakundeei segimendua egiteko eta horiek ebaluatzeko sistemetan egin daitezkeen egokitzapenak aztertzea eta sartzea. Beraz, hauek barne hartzen ditu:
- GEko erakunde kideek erabilitako ebaluazio-aplikazioak aztertzea.
- Horien ebaluazio-sistemetan egin daitezkeen egokitzapenak garatzea.


5. ardatza: Enplegu-eragileen eta berdintasunerako prestakuntza-eragileen sarea

Proiektuko 5. ardatzaren helburua Euskadin enplegu-programen alorrean esku hartzen duten agenteak mobilizatzea izan da, haien kulturan eta lan-jardueretan genero-ikuspegia txerta dezaten.

Ardatz hori hiru jarduera-ildotan egituratu da:

- Sentsibilizazio-kanpaina. Kanpaina horren gako-mezuak genero-ikuspegia barneratzearen alde egiten du; enplegu- eta prestakuntza-zerbitzuen kalitaterako, egokitasunerako eta berrikuntzarako gako gisa. Zerbitzu horiek egokitzeko eta modernizatzeko benetako estrategia lortu nahi da.

- Berdintasunerako prestakuntza-gela. Enplegu- eta prestakuntza-zerbitzuetan eta -programetan genero-ikuspegia sartzeari buruzko prestakuntza-modulu praktikoak zuzenean eta on-line. Proiektua gauzatu bitartean, aldian-aldian emango da modulu horiek egiteko aukeraren berri.

- Enplegu-eragileen eta berdintasunerako prestakuntza-eragileen sarea. Prestakuntza-gelan parte hartzen duten eragileen artean sareak eratzeko jarduerak.


6. ardatza: Proiektuaren hedapena

Proiektuko ekintzak eta emaitzak zabaltzeko etengabeko lana; bai Atari honen bitartez, bai jardunaldiak antolatuz.
Azken eguneratzea: 2008/02/28
Euskadi, auzolana